Hurrengo urratsak

Gailurra zain dugu

Euskal Herrian burujabetzarako prozesu bat bideratu nahi dugu. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketaren bidez, burujabetzaren aldeko eragileon arteko elkarlana estutu dugu, eta erabaki nahi dugun herritarron indarrak batu ditugu. Hamaika garela erakutsi dugu.

Bildutako sinadurak Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko ditugu, eta erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko konpromisoa eskatuko diegu alderdiei. Manifestuan adierazi bezala, “erreferendumak egiteko ahalmen osoa bere gain hartu, arautu eta garatzea” izango da beren egitekoa.

Erakundeetan eragiteko bokazioari eta gaitasunari uko egiten ez badiogu ere, Gure Eskuren betiko jarrerari eusten diogu: “herritarron garaia da” eta “gure esku dago!”. Honenbestez, erakundeen jarduna bat ala beste izan, orain arte bezala, aurrera egingo dugu, eta erreferendum bidez erabakitzea posible egiteko bide berriak aztertuko ditugu. Hurrengo urratsa katalanekin batera Pirinioetako Bidea argiztatzea izango da. Gailurra zain dugu!